XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ministeritza berorretako Liburu eta Bibliotekatako zuzendaritza orokorretik dator, bestalde, 1986.eko Literatur Sorketa laguntzak banatzeko mahaikide bat izendatzeko eskaria.

J. San Martin joango da.

Unibertsitateen Kontseiluko lan talde batetarako Euskaltzaindiko lankide bat eskatzen dute Madrildik.

Batzartuen artean bozketa egin ondoren A. Irigoyen jaunak atera du gehiengoa.

Bera izango da erakunde honen ordezkari.

Portugaleteko Udalak ere itzultzaile lanpostu bat betetzeko epai-mahaian Euskaltzaindiko ordezkari bat egotea eskatzen du.

Oraingoz R. Badiola izendatu da, baina hemendik aurrera Administrazio eta Lege-Arloko Itzultzaile Eskolaren bidez bete beharko da eginkizun hau.

Administrazio eta Lege-Arloko Itzultzaile Eskolaren aurkezpena egin dela Gasteizen, aipatu du J. L. Lizundiak.

Eusko Jaurlaritzak irailaren 23an onartutako Dekretu baten bidez sortua da Eskola hau, eta izango duen Aholku Kontseiluan Euskaltzaindia ere barne egongo delakoan, J. L. Lizundia izendatu zen Larraun-Lekunberriko batzarrean ordezkari.

Aurkezpenean egon dela esan du.

J. Haritschelhar jaunak Euskaltzaindiaren estatusa Iparraldean gaitzat harturik, azken aldi honetan Frantziako agintariekin izan dituen harremanak azaldu ditu.

Jakina denez, hiruzpalau aldiz egindako eskariak erantzunik gabe geldituak ziren orain arte.

Dirudienez, bi erresumatako arazotzat harturik, balegoke Frantzian Euskal Herriko atal edo zati bezala legeztatzeko biderik.

Legez egin omen daiteke.

Beste urrats bat liteke, noski, nazioarteko akordio ofizial batetara iristea gero.

Azkue Bibliotekarako bi liburu ekarri ditu Argentinatik Haritschelhar jaunak: Matxin Burdin, Martin Fierro-ren euskal itzulpena, eta Iakakortexarenak egindako erdara-euskara Iztegia.

Eskerrak emango zaizkie bidali dituztenei.

Barcelonako Liber 86 Nazioarteko IV. Liburu azokan egon zen irailaren 23tik 26ra Euskaltzaindiko batzorde bat eta ekintza horren berri eman dute gaur arduradunek.

1987ko egutegiaren aurre-asmoa aurkeztu du J. L. Lizundiak ohar eta gehigarriak jaso nahian.

Hiru mendeurren ditu aurkezleak: martxoaren 15ean Eskualduna, Lapurdiko astekariaren sorrerakoa, apirilaren 27an Toribio Etxebarria jaio zenekoa, eta Licenciado Andrés de Poza-k De la antigua lengua de las Españas idatzi zueneko 400. urteburua.

Eskuartean ditugun arazoetako Jardunaldiak ere aipu dira.

Martxoan Lapurdin egitekotan Eskualdunaren mendeurrena, euskara gaurko komunikabideetan gaitzat har genezakeela, aipatu da.

Batzordeen berri Lexiko berrikuntza. P. Altuna, I. Sarasola eta M. Zalbidek osoturiko batzordeñoari Lekunberrin eskatu zitzaion lexiko berrikuntza eta bilketa lana bideratzeko proposamen bat ekar zezan.

M. Zalbidek aurkeztu du eztabaidagaia.

Bilketa lana da, noski, orain proposatzen dena; ez da beraz arau konturik horretan.

Lan hau ez du zuzenean Euskaltzaindiak bere gain hartuko; (...).